ZULOAN


Jada 3 urte, 1095 egun zuloan.
Egun ilunak, egun isilak, egun latzak.
Nekez bukatzen diren egunak.

Zuen egarri naiz,
bakardade honek bihotza zulatzen dit.
Baina kaiola honen giltzen jabeak
ez dute hura asetzeko asmorik.

Aurretik bultzaka naramaten duintasuna eta indarra
zulora gerturatzen zaizkidanekiko gorrotoa
bezain iraunkorrak dira,
eta haien bisitak osatzen dituzten
torturen, mehatxuen, irainen eta jipoien egurrak
aurrera jarraitzeko nire eguneroko
sua elikatzen du.

Baina nahiz eta barrenean
su itzalezin bat izan,
ximeltzear dagoen arantza arteko lore
edo  herdoiltzera doan farola bakarti moduan
sentitzen naiz.

Eta egoera hau urrun utzi nahi dut.

Hortaz, malko gogor guztiak harri bihurtuko ditut,
eta horma isil hauek behingoz apurtu.
Behingoz, hainbeste maite dudana berriz usaindu,
sudur-hobietan barrena kilimak egiten dituen usaina,
askatasunaren usaina.

1 comentario:

  1. Ederra benetan.
    batzuetan inguratzen gaituenak egiten gaitu preso, zulo batean egongo bagina bezala. Argi izpirik ikusteko gai izan gabe, eta pauso motel bat ere emateko indarrik gabe uzten gaitu.


    Ez nekien poesía gustatzen zitzaizunik.
    Jarraitu idazten ;)
    muxu bat!
    Vanessa.

    ResponderEliminar