gauzik konplikatuena

Denbora. Munduan existitzen den gauzik konplikatuena. Gustora zaudenean denborak hegan ihes egiten du. Eta justu, zuk denbora azkar pasatzea nahi duzunean, ordulariaren orratzak barraskiloek gidatzen dituztela dirudi. Denborak nahi duena egiten du. Beno, nahi duena ez, justu bakoitzak nahi duenaren kontrakoa. Edo baliteke, denbora beti erritmo berdinean joatea, hirurogei segundu minutuko, hirurogei minutu orduko, hogeita lau ordu eguneko, eta gu izatea paranoia horren harira lotzen garenak. Nahiz eta ez dudan sinetsi nahi.


Hala ere, bakoitzak gure baitan denboraren makina bat dugula esan dezakegu. Atzera joan gaitezke gure bizitzan, edo besteenan, izan ere, hor dauzkagu oroitzapenak. Baina gure makina ez da hor amaitzen, aurrerantz ere jo dezakegulako. Edo zuek ez dauzkazue ametsak? Horiek dira ba, modu batean, gure etorkizuna. 


Baina asko dago oraindik iragana eta etorkizunaren artean, oroitzapen eta ametsen artean. Orainaldia. Korapilotsua den orainaldia. 


Izan ere, egunerokotasunean errutinan murgiltzeko arriskua dago, eta gehienok, ez dugu gustuko. Bertatik ateratzeko, aukera bakarra dago. Aldaketak. Eta bai, hauek ere beldurgarriak dira guretzat, ez baitakigu noraino aldatu nahi dugun gure bizitzaren oinarri den errutina..


Eta denbora da, gure bizitzetan, arazorik konplikatuena, zoroena. Baita polittena ere.


irene

0 iruzkinak:

Publicar un comentario