ZU



Olerkiak idatziz, portuan, edo itsas parean, mendian, aldamenean dudan izozkia urtzen hasten den bitartean. Kaioak haiena bakarrik den kantuarekin zerua kutsatzen dutenean. Bakardadea zirriborroz betetako koaderno bat da, eta itsasoak dantza egiten du inork begiratzen ez duenean. Etxera buelta itsasoa azalean dudalarik, eta amets arrastoak nire begietan.Oinutsik, mantso-mantso ibilian. Bidetik katu pare batekin hizketan geratu eta hari aitortu batzuetan zeruaren kolorea zein den ere ahazten zaidala. Urdin arraro hori, urdin bortitz hori, indarra ematen didan hori. Katuak irribarretsu buztana astintzen du, nire begietatik pasatzen den guztia ulertzen duela dirudi. Batzuetan nire koadernoa arratsalde koloretsu eta egun bereziez betetzeko beharra sentitzen dut. Egutegian (eta bihotzean) markatzen diren egunak. Teilaturen batean etzan eta bizitza igarotzen ikusi, oharkabean. 4 ur kubo soilekin igerian ere ikasi daitekeela erakusten duen liburu batean galtzen naizen heinean. Bizitza hutsaren usaina inguruko lasaitasunarekin nahasten ikusi dezaket. Bat-batean zure ahotsa entzun dezaket telefonoaren beste aldean, ni ondoan eduki nahian. Eta nire bakardade guztia xahutuko nuke dudarik gabe zurekin aurkitzeko. Irribarretsu. Pozik. Portuaren beste aldean, 3 ordu pasa dituzu nola idazten dudan ikusten, izozki urtsuari kasu handirik egin gabe. Orain olerki, katu, zeru urdin eta itzali nahi ez duen begiradaren irabiatu edo zuku bat dela esan nezake. Gelditu nirekin, eta saiatu buruz ikasten non hasten den infinitua. Nire aldamenean.

irene


0 iruzkinak:

Publicar un comentario