XVII.

 Berriz ere 1, eta ni, beste behin, hemen. Gauza xumea diren arren, zuri hitzak oparitzen.
Hitzak dira eta gure gatza. Gure motxila hartako beste osagai bat. Zein gozoak diren belarrira xuxurlatzen dizkidazun hitzak.. Gu bionak, ez beste inorenak, ez beste inorentzat. Gehienez izarak izan daitezke ozen konta ezin daitezkeen gure istorioak usaintzen dituztenak.
Eta gozotasunaz hitz egiten hasita, ezin ahaztu azukrea. Laztanak bezain xuabeak diren muxuak. Muxuak bezain sutsuak diren laztanak. Kilimak, txitxipollo jarri arte. Algarak eta barreak gelditzeko eskatuz, berez nahi izaten ez dudan arren.
Egia esan, zenbakiak ez dit asko axola, ezta kopuruak ere. Baina bai konpainiak, zuk. Hala ere, pasa da beste hilabete bat. Momentu on nahiz txarrak , hilabete bakar batean. Baina beno.. pelikuletan gertatzen den bezala, onak beti txarra jaten du, eta edozein modutan dela ere gaiztoa beti hil egiten da. Egin dezagun guk berdina, bota ditzagun arazo guztiak leihotik behera, zoramenaren goreneko pisutik. Oztopoz oztopo erreka guztiek egiten baitute bat itsasoan.
Bart berriz ere amestu zintudan, zerua zeharkatzen nuen zurekin, paperezko itsasontzi batean, eta botila bat aurkitzen genuen, barruko mezu eta guzti. Eta ez daukat lotsarik nik idatzi nuela onartzeko. Ez daukat lotsarik besarkatzen nauzunean mundua gelditzea lortzen duzun bakarra zarela onartzeko. Egunen batean orduak erlojuari lotzeko duten katea moztuko dut, mundua gelditzeaz gain, denbora ere gelditzeko. Hankak lurrean jarri gabe ere ondo sentitzeko. Begiak itxi eta berriro ireki baino lehen zure besoen preso izateko. Bide gozoenetik kaosera iristeko.
Garbitu ditzagun beste behin denborak eragindako armiarma-sareak, eta jarrai dezagun gure istorioaren “x” orrialdearen “y” kapituluan.

“Gaur gauean ni izango naiz zure printzesa,
gaur gauean aska ditzagun gure nahiak,
gaur gauen biluztu gogo ezkutuak.
Muxukatu, miazkatu, elkar laztandu, zoratu
gaurko gaua balitz bezala, azken gaua.”

irene

0 iruzkinak:

Publicar un comentario