GURE DESASTREAREN JABE



Behin San Valentin pasata, badaukagu baimena berriz ere geure buruan besterik ez pentsatzeko. Hipokritak garela konturatzeko. Bai, norberanismoaz ari naiz. Beharrezko norberanismoaz.


Trenaren zain egoteko uneak ematen baitzuen nor bere baitan biltzeko tenorea, nork bere etorkizunaren nondik norakoez gogoeta egitekoa..” dio Lander Garroren Gerra Txikiak. 



Trenaren zain nago ni orain, eta esan bezala, niregan. Larritasuna, denbora azkarregi dihoala sentiarazten dago batetik bestera dabiltzan eta itxarotea gustuko ez dutenen buruetan. Nik, baina, ez diot utziko azelerazioa besterik kontajiatzen, errutinaren kontrako norantzan azeleratu nazan.



Etengabe konpainiaz aldatzen dabil tren geltokia. Baita istorioz, zurrumurruz, eta errutinaz ere. Tren geltokian iritsi zait gauzak ulertzen hastearen sentimendu bitxia. 



Gu, berriz, ez gabiltz. Estankaturik gaude. Egonkortutako jarrerak, iritziak, harremanak, lanbideak, bizitokiak. Agintzen dizkiguten bezelakoak denak. Bizitzak beti paper garbian idatzita joan behar omen duelako. Ez dagoelako “kontrol zeta”rik, atzera bueltarik. Baina, zertarako daude orduan arkatza eta ezeztekoa? Beldurra diegu aldaketei. Eta batez ere, akatsei. Konfort zonaren at dagoenari. Baina, hartu beharko genituzke noizbehinka paper zuri hutsak, berriak. Agur esan letra xeheari, eta haundiz hasi. 

Utz gaitezen tren geltokietaz, eta hartu ditzagun iparrorratzak. Zuk, zurea; nik, nirea. Joan gaitezen galduta dagoenaren bila. Eta jarraitu dezagun SENA ezizena duen iparra. Jarraitu dezagun, bai, sena. Utzi ditzagun kontu konbentzionalak eta agintzen dizkigutenak alde batera, eta goazen bizi izan ez ditugunen bila, inoiz itzuliko ez direnen zimurrak azalean hasi baino lehen. Berandu baino lehen. Ateak, ez baitaude betirako irekita egoteko asmatuak. 

Esnatu ditzagun iraultzak geure barrenetan, eta har dezagun geure desastrearen jabetza. Deitu desastre, deitu kaos.. edo deitu errutina, noski. Barka, berriz ere norberanismoa. Beharrezko norberanismoa.

0 iruzkinak:

Publicar un comentario